Barkatuko nauzue aste honetan bloga ahaztu xamarturik edukitzeagatik. Alabaina, hitzaldi bat eman behar dut “zikoinarriei” buruz. Aitzakia bat baino ez antzinate berantiarrean (erromatarren eta arabiarren arteko denbora tartean) germaniarrek gure artean utzi zituzten aztarna mitologiko eta linguistikoei buruz hitz egiteko. Izan ere, historiagileek azken urteotan franko merovingioen ustekabeko arrasto ugari eta garrantzitsuak aurkitu dituzten bezala, filologoon ordua da oraingoa. Baten batek bere buruari galdetu badio zer ote diren zikoinarriak, erantzun labur bat aurreratuko diot. Zikoinarriak, hitzak dioen bezala, zikoinen harriak dira, elfoen etxea eta zikoinak umeak ateratzen dituzten (edo zituzten) harriak, besteak beste.
Hitzaldia, III Erromantze-Euskara Linguistika Jardunaldien barruan izango da, Diputazioak María Díaz de Haro kalean duen Hitzaldi Aretoan, ostegunean, hilak 25, arratsaldeko bost eta erdiak inguruan. Sarrera librea eta eskertua da; beraz, denok zaudete gonbidatuta.
